Nontzeberri

EHUko lau irakaslek zuzendutako pelikulak, Zinemaldian

Donostiako Zinemaldiko Zinemira saileko programazioaren barruan, EHUko lau irakaslek zuzendutako lau film pantailaratuko dira. Zinemira sailean emango diren filmak Iratxen Fresnedaren Irrintziaren Oihartzunak, Olatz Gonzalezen Pelota II, Begoña Vicarioren koordinaziopean Ageda Kopla Taldeak egindako Beti bezperako koplak eta Kepa Sojoren Hileta dira. Azken biak Kimuak katalogokoak dira. Horrez gain, Josu Martinezek 2009an zuzendutako Itsasoaren alaba dokumentala berreskuratuko da.

Irrintziaren Oihartzunak irailaren 23an estreinatuko da Zinemaldian eta Mirentxu Loyarteren sorkuntza-erbestearen erretratua da.
Pelota II Olatz Gonzalezek Jørgen Leth-ekin batera zuzendutako pelikula da. 2015ean estreinatu zen dokumental honek pilotaren beste ikuspegi bat jorratzen du.  
Begoña Vicariok koordinatutako Beti bezperako koplak animazioko laburmetraia da, non Maialen Lujanbiok Euskadi Irratian Agate Deuna bezperan botatako bertso bat interpretatzen den. Bertsoan Lujanbiok emakumeenganako indarkeria salatzen du.
Hileta Kepa Sojoren proposamena da, eta 1925ean kokatzen da, Euskal Herriko herri txiki batean, eta Martikorena familiak ospatzen duen Ingeren hileta kontatzen du, bat-batean hil den gazte bat.

Azkenik, Josu Martinez EHUko NOR ikerketa taldeko kideak 2009an zuzenduriko Itsasoaren alaba dokumentalean Haizeren istorioa kontatzen da. Haizek bi urte bete baino lehen GALek bere aita hil zuen, Mikel Goikoetxea Txapela errefuxiatua. 

Exit mobile version