Bilboko Udalak Gerra Zineman zikloa antolatu du, eta abenduaren 22an, 26an, 27an eta 29an, Bidebarrietako Liburutegian, hainbat film pantailaratuko dira, 19:00etan hasita. Ekimen horrek amaiera emango dio Bilbon, urte osoan zehar, Bilbao Izan programaren baitan antolatutako Gerra Zibilaren inguruko jarduera sortari.
Zikloaren hasiera abenduaren 22an izango da Euskadiko Filmategiaren Gerra zibila bildumarekin. Honako titulu hauek topatuko ditugu: Semana Santa en Bilbao (1937); Entierro del benemérito sacerdote vasco José María de Korta y Uribarren, muerto en el frente de Asturias (1937); Guernica (Nemesio Sobrevilla, 1937); eta Elai Alai (Nemesio Sobrevilla, 1938). Abenduaren 26an, Pedro Oleak zuzenduriko La conspiración (2012) filma pantailaratuko da; 27an, Koldo Serraren Gernika (2016), eta azkenik, abenduaren 29an, Alejandro Amenábar zuzendariaren Mientras dure la guerra (2019).
Horretaz gain, eta zilkoari hasiera eman baino lehen, abenduaren 20an, Mikel Azpiroz musikariak Pake Pieza album berria aurkeztuko du, 19:00etan, Bidebarrietako Liburutegian. Bertan bere, Karlos Aranceguik (bateria) eta Fernando Neirak (Kontrabaxua) lagunduta izango da musikaria.
Mikel Aspirozek, bere aurreko diskoen (Gaua, Zuri eta Islak) arrastoari jarraituz, entzulea egoera introspektibo eta gogoetatsuan jartzen duten bederatzi konposizioz osatutako bilduma argitaratu du. Azpirozen musika (Ricardo Aldarondo musika kritikariak deskribatu duen bezala) “urtaro askotatik igarotzen da, konpartimentu estankoak osatu gabe, ñabarduretan aberatsa eta melodietan dotorea den estilo bat sintetizatzen duen hizkuntza bat sortuz, inoiz doakoak ez diren notekin: inpresionismoa, beste lurraldeetako usain exotikoak, euskaldunak ere, blues izkinatuena edo deriba abangoardista arinak.”