Nontzeberri

Egunotan bi saio interesgarri

Gaur, Ordiziako Jaietan 1TZ4L1 3T4 P1ZTU saioa duzue, eta bihar, Muxikan, Ez da kasualitatea bertso saio musikatua.

Ordizian, 1TZ4L1 3T4 P1ZTU bertso saio elektronikoaz gozatzeko aukera egongo da. Bertan, zuzeneko musika elektronikoa eta bat-bateko bertsolaritzaren arteko elkarlana du abiapuntu Aner Peritz eta Manex Pagola musikariek dakarten planteamendu musikal berriak.
Ikuskizunaren muina ez da “musika jarri eta bertsoak bota”: bi aldeek elkarri erantzun behar diote, unean-unean: musikariek bertsolarien tonu, erritmo, denbora eta melodia propioetara moldatu behar dute zuzenean; eta bertsolariek, aldi berean, oinarri musikal horren gainean sortu behar dituzte bat-batekoak.

Ez da kasualitatea bertso saio musikatuan Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal, Araitz Bizkai eta Gari Otamendi arituko dira.
Ez da kasualitatea saioko bertsolariak eta gai-jartzailea emakumezkoak izaten dira. Izenburuaren zergatia ondo ulertzen da protagonistek adierazitako ondoko lerroetan: “Hortik izenburua, oraindik, zoritxarrez, gizonezkoz osaturiko saioak baino ez baitira kasualitatez izaten. Denok emakumeak izate horretan nahitaez dago intentzio bat. Gure helburua noizbait halako saioak kasualitatez, urteko edozein egunetan eta pentsatu gabe ere irtetea litzateke, baina bitartean intentzio osoz antolatzen dugu Ez da kasualitatea: umorea, jolasa, gogoeta, emakumeon arteko konplizitatea, musika eta bertsoa uztartzen dituen saioa”.

2009tik ehundaka Ez da kasualitatea egin dira Euskal Herriko plazetan, hamarnaka emakume bertsolarik kantatu dute haietan eta erreferentziazko emanaldi bilakatu dira bertsozale, bertsolari eta gai-jartzaile feministen artean.

Exit mobile version