Nontzeberri

Egunotan antzerkia protagonista Getxon

Datozen egunotan hiru antzezlan programatu ditu Getxo Kulturak.

Lehena, Sidari izeneko pieza da, XAKE Produkzioak taldearena. Ostegunean, hilak 22, ikusteko aukera egongo da 20:00etatik aurrera.
Kepa Erraztik sorturiko trama honetan Jonek eta Jokinek, hogeita hamar urte inguruko bi gaztek, Europan zeharreko bidaia bati ekiten diote euren zortzigarren urteurrena ospatzeko, baina harremanari buruzko zalantzak ere bidelagun izango dituzte. Ibilbidean zehar, azaldu ezinezko esperientzia baterako atea irekiko dien adineko bikote bat ezagutuko dute. Piezan, maitasuna, denboraren joana eta gure etorkizuna markatzen duten erabakiak agertuko dira.

Egun bat geroago, hilak 23, Itzuli Konpainiak umorez eta ironiaz beteriko Adriene Bergson-Johnson pieza oholtzaratuko du. Texaseko enpresaburu bat Euskal kultura salbatzeko prest iritsiko da, mundu mailako arrakastarako bere formula ezin hobearekin. Coaching kolektiboko masterclass zoro honetan, ispilura begiratzera eta gure ohiturak eta ziurtasunak zalantzan jartzera gonbidatzen gaitu.

Azkenik, igandean, Anita Maravillas taldeak Tretatxu lana eramango du Getxora. Lan hau goseak eta bidegabekeriak markatutako haurtzaroaren ondoren bere herriko bidelapurrik miretsiena bihurtzen den mutiko bihurri baten istorioa da. Txotxongilo-antzezlan honek lapurreta ausartak, ihes ikusgarriak eta abentura zirraragarriak uztartzen ditu, umore eta samurtasunarekin.

Exit mobile version