Iruñeko Udalak Egile Berriendako XXXVI. euskarazko literatur lehiaketa antolatu du poesia eta narrazio modalitateetan. Lanak aurkezteko epea urriaren 26an amaituko da.
Lehiaketaren xedea da “egile berriek euskarazko literatura sor dezaten bultzatu eta sustatzea”. Hori dela eta, literatur lan bat baino gehiago argitaratu duten egileak ezin izango dira aurkeztu. Gainera, aurreko bi ediziotan modalitate berean lehen saria jaso dutenek ere ezin izango dute parte hartu modalitate horretan.
Egile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahalko du modalitate bakoitzeko, gai librekoa, jatorrizkoa eta argitaratu gabea. Poesiako modalitatean, lanek gutxienez 200 bertso izan behar dituzte, eta narrazioek, gutxienez, 15 orrialde.
Hiru sari daude modalitate bakoitzeko: lehen saria 2.500 eurokoa; bigarrena, 1.000 eurokoa, eta hirugarrena, 500 eurokoa. Halaber, oinarrietan ezarritakoarekin bat lau aipamen ematen ahalko dira, bakoitza 250 eurokoa, modalitatea kontuan hartu gabe.
Inma Errea Cleix idazle eta itzultzaileak, Angel Erro Jimenez poeta eta itzultzaileak eta Izaskun Etxeberria Zufiaurre idazle eta irakasleak osatuko dute Euskal Literatura Lehiaketaren aurtengo epaimahaia.
Jakingarri guztiak xehe-xehe, hemen.
