Eduardo Galeanoren literatura zoragarria Ispiluak (Txalaparta) izeneko lanean bildu da euskaraz Xabier Alegriak egindako itzulpen lanei esker. Gaur bertan aurkeztu da obra hau Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan.
Liburua jaso dugu nontzeberrin eta kontra-portadan hauxe irakurri ahal izan dugu: “Liburu honek, mundu ia ororen historia izan nahi du. Horregatik, iragana eta oraina, biak daude baturik kontakizun honetan. Galeanoren lan guztietan bezala, botereak baztertutako gertakizun, ikuspuntu edo protagonistengan dago jarrita begirada, uruguaiarrak ohikoa duen ikusmolde kritiko, tonu umoretsu eta zehaztasun zientifikoarekin. Orriotan daude munduak bere baitan dituen mundu ugariak: pentsalariak, sentilariak, jakingurak, menderakaitzak, galtzaileak eta ero ederrak, lurraren gatza eta piperra izan zirenak eta badirenak”.
Ispiluak jendez lepo.
Ikusezinek gaituzte ikusten.
Ahantziek oroitzen.
Gure burua ikustean, haiek ditugu ikusten.
Gu joatean, badoaz?
Xabier Alegria Galeanoren lan ezagun hau itzultzen aritu da. Itzulpen lanak dituen ohiko zailtasunei beste batzuk gaineratu dizkio Alegria preso egoteak, eta, beste hainbat gairen artean, horretaz ere hitz egiteko parada izan dute gaur goizean, liburuaren zuzenketa lanetan lagundu duen Joxe Austin Arrieta idazle eta itzultzailearekin, eta Xabier Alegriaren alaba Garazirekin, Donostian egin den aurkezpenean.