Koldo Badillo argazkilariak Kaosetik labirintora izenburuko argazki erakusketa paratu du Zarautzeko Photomuseum aretoan, gaurtik, urtarrilaren 13tik, otsailaren 22ra bitartean.
Natura da erakusketaren ardatza, baina ez da irudi idilikorik agertzen, “argazkilari bat baso batean murgiltzen denean, beharbada, sortzen zaion aurrenengo bihozkada irudi idiliko bat lortzea eta irudien barne eraikuntzaren ordena konkistatzea da, baina gehienetan kaosak garaitu egin du”. Eta kaos horretatik tiraka osatu du bere lana, hori izan baita xedea: “kaosaren barnean, edertasuna eta barne lasaitasuna bilatzea”.
Labirintoaren ideia ere landu nahi izan du egileak berak aitortu duenaren arabera. “Nire baso-irudietan begiradak lerroz-lerroz salto egiten du, enkoadraketatik irten egiten da, eta berriro sartzen da, interesgunea bilatu nahi du, eta ez du aurkitzen, galdu egiten da, nora ezean dabil. Labirintoaren ideia lan honetako hari nagusietako beste bat da”.
Erakusketa hau aurretiaz egindako ahalegin handiaren emaitza da, izan ere, ordu dezente eman ditu egileak basoei begira, eta “oraindik nola izan zen gure arbasoen bizilekua eta nola eramaten gaituen gure jatorrietara sentitu daiteke”.
Carlos Cánovas adituaren arabera, “Koldo Badillok naturako ordena ez dela posible onartzen du, hobeto esanda, argazkilariak proposatzen duen nahi bat dela, besterik gabe. Eta bere proposamena orden konplexu bat da, labirintikoa eta azken oinarria musikala dela iruditzen zait. Beharbada horregatik hitz egiten du iruditik sartzeaz eta irteteaz, bertan nora ezean ibiliaz”.
Basoa labirinto bat da, trinkoa eta magikoa, joan eta ikusi!