Nontzeberri

Eako Poesia Egunak, hutsa edo azukreagaz?

Ekaineko Literaturia iraganik, Eako Poesia Egunen zain jarri gara orain, udako sasoian horixe baita ekimen berezia eta maitagarria. Baina zorionez gero eta denbora gutxiago geratzen da horretaz gozatzeko, gaur bertan Bilboko Cafe Bilbaon, ekitaldiaren prentsaurreko alaitsua egin baitute antolatzaileek.
Eako Poesia Egunak Herrijeri Emon Arnasa kultur elkarteak antolatzen ditu bertako herritarren, zaleren eta idazle askoren laguntza paregabearekin. Aurten uztailaren 13tik 15era bitartean gauzatuko dira jardunaldiok, Poesia Hutsa edo Azukreagaz? izenburupean.

Antolatzaileek honela azaldu dute Poesia Hutsa edo Azukreagaz? aurtengo gakoa: “Poesiak purua ala gizarteko arazoetan lohitua izan behar zuen eztabaidatzen zen garai batean. Arestik erakutsi zigun lohi horrek humanoago eta, beraz, ederrago baizik ez zuela egiten poesia. Guk ez daukagu errezetarik nolakoa izan behar duen gaurko eta biharko poesiak, baina ahalik eta modu gehienetan eskaini nahi dizugu: hutsik, musikaz jantzirik, antzerkiaz lagundurik, hitzaldi bihurturik… azukre apur bategaz.”

Beste aldetik, berezitasun batzuk gordetzen dituzte beti egun hauek: emakumeen parte hartze aktiboa; emakumezko kanpoko poeta baten presentzia; sormenaren inguruko gogoetak, literaturaren teorizazioak, eztabaidak,…; eta poesiaren erakustaldi handia, aurtengo liburuen egileen partaidetzarekin.

Herrijeri Emon Arnasa kultur elkarteak egun hauek egiteko ideia haizatu zuen aspaldian, “Gabriel Arestik Ean igaro zituen bere azken urteak, gaixorik jada, eta zenbait poema herrian bertan idatzi zituen eta herriari eskaini zizkion. Alde horretatik, Aresti eta bere lana omentzea eta euskal literatura -bereziki poesia- zabaltzea dira egunon helburuak”.

Uztailaren 13an, barikua, Xabier Amurizaren Arestiren koplak ahoan izeneko hitzaldi eta errezitaldiarekin hasiko da. Arestiren bertsoak eta bestelako lerroak nahastuko ditu bertsolariak. Gauean rap, Aresti eta euskara uztarturik Norte Apacheren eskutik.

Larunbata izaten da beti egunik interesgarriena eta potoloena. Mikel Elortzak ekingo dio egunari Lp bat poema hitzaldiarekin, non kanta bihurtu diren poema asko destripatuko dituen.
Geroago, Yolanda Castaño, Jon Gerediaga, Ione Gorostarzu eta Iñigo Astiz poetek poema pertsonalak irakurriko dituzte. Arratsaldean, Mikel Lasa gure artean solasaldi musikatua eskainiko du Edorta Jimenezek, noski! Mikel Lasa bertan izango delarik.
Iñigo Aranbarrik honetarako propio egindako testu batean oinarritutako Munduan beste antzerkia ikusteko parada egongo da 19:00etan, gure identitatea zer den hausnartu ahal izateko. Eta gauean, Ruper Ordorikak kontzertua elegantea eskainiko du Sarrionandiaren poemekin eginiko kantez osatua. 

Uztailaren 15ean, domekan, Yolanda Castaño poeta galiziarra bere poetikaz arituko da, eta horren ostean, Leire Bilbaok poema errezitaldia egingo du kaleratu duen azken lan itzelari buruz: Scanner.
Jardunaldioi amaiera emateko, Mikel Ayerbe, Ibon Egaña, Angel Erro, Kattalin Miner eta Juanjo Olasagarrek Ez dok/n armairu poema errezitaldi irreberentea egingo dute.

Hau eta beste gauza asko datorren asteburuan, Bizkaiko kostaldeko Ea herri zoragarri eta poetikoan.



Exit mobile version