Durangoko Azokaren 50 urteko historia idatzi dute Joseba Sarrionandiak eta Jesus Mari Arruabarrenak, eta idaztitakoa hornitzeko eta bisualago bilakatzeko Txelu Angoitiak ehunka argazki jarri dizkio lana interesgarriari. Gaur goizean, Bilboko BBK aretoan, obra honen aurkezpena egin dute Txelu Angoitiak, Ixone Zubietak, Aitziber Atorrasagastik, Asun Elorriagak eta Jesus Mari Arruabarrenak.
“Lan mardulak azoka hura posible egin zuten pertsona guztiei omenaldia izan nahi du, hemendik aurrera beste 50 urte idazten hasteko mugarria izango baita honako lana” aipatu dute bertaratutakoek.
Zumetaren irudi deigarria dakarren liburuak hiru atal edo unibertso dakartza. Lehenengo atala Mundurik azokara izenekoa, Joseba Sarrionandiak idatzi du. Bere idazki ausartean Sarrionandiak urte haietako giroari marko politiko eta soziala jarri dizkio. Kasu honetan fikziotik urrun ibili da idazlea, eta “Sarrik entsaio ausart bat egin du, zeresan asko sortuko duena” aipatu du Asun Elorriagak.
Bigarren zatian, Azokatik mundura izenekoan, Jesus Mari Arruabarrenaren testuak bildu dira. Egileak, azokaren historia irudikatzeko hamar lagun elkarrizketatu ditu, tartean Gerediagako presidenteak izan zirenak “batez ere hasierako garaietako pertsonei ahotsa jartzeko”. Testigantzen bidez “Disko eta Liburu Azoka izatetik Euskal Kulturaren Plaza izatera eman duen saltoa azaltzen saiatu naiz“ esan du Arruabarrenak.
Azkenik, Txelu Angoitiak egindako lana goraipatu behar da. Berak, argazki ugariz hornitu du obra, testuei kolorea eta irudia emanez. Gaur eguneko erretratuez gain, argazki historikoak ere bildu ditu (Azoka elizpean antolatzen zenekoa, merkatuan…) edizio guztietako kartelak eta abar. Gerediagako artxiboko argazkiez gain, Deiako artxibokoak ere agertzen dira. Azkenik, liburuari gaztelaniazko itzulpena erantzi diote.
Durangoko Azoka, 1965-2015 lanak 255 orrialdeko liburua da, interesgarria, dotorea eta dibulgatiboa. Durangoko Azokan salgai egongo da, Gerediagaren mahaian. 2.000 ale argitaratu dituzte baina oso interesgarria denez, guztiak salduko direlakoan gaude.