Aurtengo Durangoko Azoka amaitu da. “Euskal kulturaren erakusleiho handia izan da beste urte batez eta, hortik harago, sortzaileen eta kulturazaleen arteko hartuemanerako plaza ere izan da. Sorkuntza lanak aurrez-aurre azaldu dituzte ekitaldietan eta erakusmahaietan, eta jendearen babesa jasota, aurrera begira lanean jarraitzeko bultzada jaso dute sortzaileek.”
Baina sortzaileen lanak aurrera jarraituko du eta hala, Sormen Beka banatu da, eta Irati Bazeta ilustratzaileak jaso du Harien isla izeneko proiektuarekin. Irati Bazetak margogintza landuz dozena bat pieza sortuko ditu eta, horiekin, 60. Durangoko Azokan erakusketa egingo du Museoan.
Euskarari buruz azken boladan hainbat hausnarketa konpartitu dituela aipatu du ilustratzaileak, eta ondorioz hainbat galdera sortu zaizkiola. “Nor da euskara jendea? Zer dakar euskara jendea izateak? Ba al dugu euskara jendea garenaren kontzientziarik? Euskaraz bizi edo euskarara heltzeko denok baliabide berak al ditugu? Zein egoeratan sentitu dugu hizkuntza estresa?”:
Epaileen arabera, “proiektuaren argitasunagatik, deialdira ondo egokitzen delako eta hasiberria izanik lehen erakusketa egiteko aukera emango diolako” hautatu dute Bazetaren proiektua.