Igande honetan, abenduak 10, Huts laborategiak ekoitzitako eta Raquel Calvok zuzendutako durangas dokumentalaren estreinaldia antolatu da Irudienean, Durangoko Azokaren programazioaren barruan.
durangas filmaren ideia Andragunean sortu zen, Durangoko emakume helduen memoria berreskuratzeko tailer eta elkarrizketa parte-hartzaileetan. Asier Pérez Basterrak sortutako soinu-bandak, Garazi Navasek moldatua eta Durangoko Orfeoiko emakumeek antzeztua, narrazioa borobiltzen dute.
“Norbanakoen istorio txikiek gure historia kontatzen dute, gure gizartearen eta gure herriaren nolakotasunaz aritzen dira. Filmaren protagonisten testigantzen bitartez 60. eta 90. hamarkaden gainean dituzten oroitzapenak josten dira eta haien jatorriari buruzko zein hezkuntza, enplegu, sexualitate edota aisialdiri buruzko hausnarketak aurkitzen dira. Finean, bizitza-istorio kolektiboak.”
Martxoan, Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, aurrestreinaldia egin zen metraje laburragoarekin. Orain durangas ikusi ahalko da datorren igandean, goizeko 11:00etan, Zugaza zineman.