DRI banda maisua eta aitzindaria izan da metala eta hardcore estiloak nahasten. Crossover izenarekin ere ezagutu zen hibrido berri horrek jarraitzaile asko bildu zituen 80ko hamarkadaren amaieran. Houston hirikoek, baina, ez zuten erdietsi beste talde batzuek lortu zuten arrakasta bera, hardcore eta metal soinuak bikain jo arren, tartean, Anthrax, Stormtroopers Of Death (SOD) edo Suicidal Tendencies.
DRI, halere, muturreko hardcore taldea izan zen bere hastapenetan. Izan ere, euren lehendabiziko diskoan, Dirty Rotten (1983) izeneko EPan, 22 kantu sartu zituzten 18 minutuan. Hardcorearen ohiko abiadura aise gainditzen zuen estilo berriari trashcore deitu zioten. 1985ean, Dealing with It funtsezko lana kaleratu zuten. Grabazio horretan metal estiloaren lehen zantzuak antzeman ziren.
Handik bi urtera metalaren eta hardocorearen arteko fusioa izendatzeko erabiltzen zen cCrossover hitza hartuko zuten hurrengo diskoari izenburu esanguratsua jartzeko. Lan horri esker oihartzunik handiena lortu zuten. Sasoi hartan estilo hibrido horretako soinuak MTVn ere agertu ziren, besteak beste, Anthrax eta Suicidal Tendencies taldeen eskutik.
Euren azken lana Full Spead Ahead (1995) izan zen. Harrezkeroztik jo eta jo aritu dira. Durangoko kontzertuan jatorrizko bi musikari arituko dira DRIrekin, Kurt Brecht abeslaria eta Spike Cassidy gitarra jotzailea.
Estatubatuarrekin Humilitate eta Esteka euskal taldeak arituko dira. Lehenengoan, besteak beste, Burux-Lee eta Erantzun koadrila gipuzkoarretako zenbait musikarik jotzen dute. Esteka, berriz, Basauriko taldea da eta eskola zaharreko hardcorea jotzen du.
Nontzeberri