BBK, Bizkaiko Foru Aldundia eta Dantzerti sustatzaileen bultzadaz antolatu dira Dramaturgia Biziak 2026 – I. Euskal Dramaturgia Jardunaldiak. Bilboko BBK Salan izango dira, azaroaren 6tik 8ra, eta programazioak profesionalekin topaketak, antzerkigintza-tailer bat eta Alberto Conejeroren Leonora antzezlanaren estreinaldia hartuko ditu.
Ekimenaren helburua euskal dramaturgia garaikidea bultzatzea eta bizkaitar talentua sustatzea da, eta horretaz hausnartzeko lau mahai-inguru izango dira, azaroaren 6an eta 7an, “hainbat gogoeta antzezlanak idazteari, antzerkigintzaren sorkuntza-prozesuei, lanak argitaratzeari eta antzerkigintzak eszenarekin duen loturari buruz”. Amancay Gaztañaga, Ana García Peña, Iñaki Cid, Oier Guillan, Paco Gámez, Agurtzane Intxaurraga, Javier Liñera, Kepa Errasti, Denise Despeyroux eta Olatz Gorrotxategi bilduko dira horietan, besteak beste.
Jardunaldietako proposamen nabarmenetako bat I.Dramaturgia Txapelketaren finalak izango dira. Lehiaketa horretan izena emateko aukera izan dute antzerkigile profesionalek eta sortuberriek eta, oro har, antzerkigintzan interesa duen 18 urtetik gorako edonork. Batzorde batek aurrez hautatutako testuak BBK Salako agertokian jarriko den ring batean lehiatuko dira, ikusleen aurrean. Izan ere, ikusleek emango dituzte sariak, 1.000 euroko bi sari (gaztelaniazko testu batentzat eta euskarazko testu batentzat). Azaroaren 7an , finalerdira iritsitako zortzi proposamenak (lau hizkuntza bakoitzeko) Dantzertiko ikasleek antzeztuko dituzte irakurketa dramatizatu formatuan edo bitarteko antzezpen moduan. Igandean, hilak 8, finala izango da, eta ikusleek bozkatuko dituzte txapelketako bi proposamen irabazleak.
Antzerki-idazketa tailer bat ere izango da jardunaldi horietan, Material inflamable (‘Material sukoia’) izenekoa; Paco Gámezek emango du. Profesionalentzat eta antzerkigintzan interesa dutenentzat antolatu da prestakuntza-laborategi hori.
Eta gainera Alberto Conejerok idatzi eta zuzendu duen Leonora pieza oholtzaratuko da. Antzezlanak Leonora Carrington margolari, eskultore eta idazle surrealistaren unibertsora modu aske eta poetikoan hurbiltzea proposatzen du.
Jakingarri guztiak: BBK Salan
