Aurtengo Kimuak katalogora 64 lan aurkeztu dira eta horietatik bederatzi aukeratu ditu epaimahaiak, bat euskara hutsean, Zeinek gehiago iraun, hain zuzen ere. Euskaraz eginiko film bakar hori, gainera, animazioko lan bakarra da.
Epaimahaiak fikzio, dokumental eta animazio lanak hautatu ditu. Dramak eta film sozialak dira nagusi, eta horietan fikzioa, thrillerra eta genero beltza.
Hona aukeraturiko zerrenda osoa: aipaturiko Zeinek gehiago iraun (Gregorio Muro); Bucle (Aritz Moreno); La calma (David Gonzalez); La casa del lago (Galder Gaztelu-Urrutia); Coptos (Alvaro Sau); Lagun mina (Joxe Mari Goenaga); La media pena (Sergio Barrejon); Muy cerca (Ivan Caso), eta She’s Lost Control (Haritz Zubillaga).
Hizkuntzari dagokionez, hiru film gaztelaniaz egin dituzte, beste bat ingelesez, eta hiru mutuak dira. Euskara hutsean eginiko film bakarra Gregorio Muro hernaniarraren Zeinek gehiago iraun da. Animazioko film bakarra ere bada gipuzkoarrak zuzendu eta ekoitzi duena.
Ohi bezala, Donostiako Zinemaldian estreinatuko dituzte lanok, irailean. Ondoren, atzerriko jaialdietan ezagutaraziko dituzte. Film laburrak sustatzeko programa hamalaugarrenez antolatu dute Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskadiko Filmategiak.