Nontzeberri

Donostiako Poesialdia jaialdia

Donostiako Poesialdia literatura jaialdiaren zortzigarren edizioa bi astez luzatuko da, martxoaren 10etik 18ra, eta Ernest Lluch Kultur Etxean, San Telmo Museoan eta Liburutegi Nagusian egingo da. Ekitaldi guztiak 19:00etan hasiko dira.

Betiko legez, poesiaren inguruko ikuskizunak, errezitalak eta solasaldiak antolatu dira makina bat idazlerekin, tartean, Marta Sanz, Jokin Lasa, Kaki Arkarazo, Pello Ramirez, Karlos Linazasoro, Jon Gerediaga eta Alejandra Martínez de Miguel, besteak beste.

Gaur berton abiatuko da jaialdia Ernest Lluch Kultur Etxean Lauaxeta, ametsen egilea izeneko erakusketaren inaugurazioarekin. Apirilaren 13ra arte izango da ikusgai.
Gaur ere, Marta Sanz idazleak Itziar Minguezekin hitz egingo du Amarilla liburuaz. Elkarrizketan poema batzuen irakurketa tartekatuko da. Eta gaur ere, Poesia Tailerreko ikasleek beren sormen-lanen errezitaldia egingo dute jendaurrean. Aritz Gorrotxategik zuzendutako ikastaroaren barruan antolatutako saioa da, eta ikasleen testuek zuzeneko musika-akonpainamendua izango dute

Beste hitzordu interesgarri bat barikuan izango da. Jokin Lasa, Kaki Arkarazo eta Pello Ramirez sortzaileek Aberriak eta atzerriak  izeneko emanaldia burutuko dute. Telesforo Monzon, Lauaxeta, Orixe, Iokin Zaitegi, Lizardi eta Peli Markiegiren poema musikatuak entzungo dira Ernest Lluch Kultur Etxean.

Martxoaren 16an, Karlos Linazasoro eta Jon Gerediaga poetek Denborak utzitako hitzak izeneko errezitala egingo dute, eta 18an, IX. Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren sari banaketa egingo da Liburutegi Nagusian.

Azkenik, martxoaren 18an, Alejandra Martínez de Miguel idazleak errezitaldi poetikoa eskainiko du, eta ondoren Ines Azpiazurekin hitz egingo du Revelaciones liburuari buruz.

Donostia Kulturak ditu xehetasun guztiak.

Exit mobile version