Martxoaren 17tik 22ra, Poesialdia egingo da Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean, San Telmo Museoan eta Liburutegi Nagusian. Aste horretako programazioak poesiaren inguruko ikuskizunak, errezitalak eta solasaldiak bilduko ditu hainbat idazle eta artista ezagunen parte hartzearekin: Elvira Sastre, Luis García Montero, Formol Laborategia, Jara Calvo, Tfarrah Mohamed Yesslem, Mikel Etxaburu eta Itziar Lamuedra Calo.
Gaur berton, hilak 17, Elvira Sastre idazlearekin elkarrizketa izango du Itziar Mínguez adituak, Lo que la poesía aún no ha escrito titulupean.
Bihar, martxoak 18, Formol Laborategiak Heriotzak Eduardo izena du izeneko pieza egingo du. “Munduko Poesia Kaierak poesia liburu bildumak 10 urte betetzen dituen honetan, Susako lagunek bizirik dauden poetak hil nahi zituztela esan zieten Formoldarrei. Haiek metaforikoki esan omen zuten, baina, Formolekoek lana serio hartu dute… “
Heriotzak Eduardo du izena esperimentu bat da, soinu instalazioa, performancea eta antzerkia uztartuko dituena, fisikoa eta birtuala denaren arteko mugak esploratuz eta publikoa eta eszenatikoaren arteko barrera tradizionalak ezabatuz. MPK jolas eszeniko bilakatu da. Poemek gai unibertsal eta sakonak lantzen dituzte, hala nola, bizitza eta heriotza, eztanda eta bakea, gelditasuna eta bibrazioa edota isiltasuna eta kantua bezalako dualidadeak. Horiek proposamen dramaturgiko bilakatu dira, bizipen sentsorial bat eragiteko paisaia (edo pantaia) bat marraztuko da oholtzan, bideo-joko batean bezala.
Martxoaren 21ean, VIII. Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren sari banaketa antolatu da Liburutegi Nagusian. Egun berean, Mikel Etxaburu, Nerea Zuloaga, Irina Alvarez, eta Jon Gardokik Manttalingo alaba ikuskizuna egingo dute. Mikel Etxaburu idazleak Saturrarango kartzelan giltzapean izan ziren emakumeak oroitu eta aldarrikatu nahi izan ditu Manttalingo alaba (Pamiela) bere poesia lan horretan.
Eta azken egunean, hilak 22, Castillo Suarez euskal idazlea Luis García Monterorekin berbetan arituko da.
Beste aldetik, Itziar Lamuedrak Poetikotasuna izeneko erakusketa izango du ikusgai Ernest Lluch Kultur Etxea, maiatzaren 16ra arte. “Poesia bizitzeko modu gisa aldarrikatu nahi dut, edo hobe esanda, bizitzarekin erlazionatzeko modu bat bezala. Egun eta gaben paramoetatik zehar ibiltzeko modu bat bezala. Gertaera poetikoa etengabe gertatzen da, hain zuzen ere, poesia ez da gertaera isolatua baizik eta korronte jarraia, etenik ez duena. Bizitzaren Zentzu Poetikoa aldarrikatu nahi dut, zein gertakari arrotz eta bitxi guzi horien atzetik indarrez egiten duen dizdira, izarrez beteriko larrea balitz.”
Zehaztasun guztiak: Poesialdia.