Aurtengo Jazzaldia uztailaren 22tik 26ra ospatuko da, Donostiako ohiko agertokietan, Trinitate Plazan, Kursaal Auditorioan, Victoria Eugenia Antzokian eta San Telmo Museoan.
- Jazzaldiaren programazioan, lehendik jakitera emandako izenei, Europako izen ezagunak batuko zaizkie: Bugge Wesseltoft, Mariza, Lina_Raül Refree, Michel Portal, Salvador Sobral, Bojan Z.
Hiru kantari portugaldar arituko dira: Mariza, Salvador Sobral eta Lina. Mariza, fadoaren berritzaileetako bat eta musika portugaldarraren izar handietako bat da; Linak eta Raül Refreek azkena argitaratu duten diskoa 4 hilabetez jarraian egon da Europako irratietako eta munduko musika-zerrenda nagusietan; eta Salvador Sobral beste proiektu batekin itzuliko da: Alma nuestra.
Programan ere Iñaki Salvador izango da, Jazzaldian joaldi gehien eskaini duen musikaria; Jorge Pardo, Europan egiten den jazzeko saxofonista eta txirulari ospetsuenetakoa; Chano Dominguez piano-jolea; Perico Sambeat saxo altua; Javier Colina, kontrabaxu-jotzailea eta musikari handia; Josemi Carmona eta Chicuelo gitarrista flamenko handiak; Silvia Perez Cruz Tokion 2019an grabatutako bere azken diskoarekin etorriko da; eta Joachim Kühn pianista paregabea.
Beste batzuk honakoak izango dira: Bojan Z piano-jotzaile serbiar bikaina eta bertako Mikel Azpiroz eta Paul San Martín; Anja Lechner biolontxelo-jotzaile alemaniarra eta François Couturier piano-jotzaile frantziarra; Michel Portal baionarra ere Donostian agertuko da berriz; Rymden hirukote nordikoa; Bugge Wesseltoft teklista aparta; eta euskaldunen artean, Joseba Irazoki nafarrak, intentsitatea eta birtuosismoa eramango ditu Donostiara.