Apirilaren 30era arte luzatuko da aurtengo Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eskubideen defentsaren eta urraketaren hainbat alderdiri buruzko hausnarketa, sentsibilizazioa eta eztabaida bultzatzeko xedea duena.
Aurten, guztira, 35 herrialdetako 46 film programatu dira (27 film luze eta 19 film labur). Filmen proiekzioak batez ere Victoria Eugenia Antzokian izango dira. Emanaldi batzuk Antzoki Zaharrean egingo dira. Zinema-programazioa ia egunero osatuko da protagonisten, zinemagileen eta jorratutako gaietan adituak diren pertsonen solasaldiekin. Hiriko ikastetxeentzat ere goizeko zortzi emanaldi eskainiko dira Antzoki Zaharrean.
Aurten Giza Eskubideen Zinemaldian lau erakusketa izango dira Donostia Kulturaren beste hainbeste gunetan.
“Zinemaldiak mundu hobeago bat posible dela sinesten jarraitzen du. Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugeniako pantailetan atzoko eta gaurko hainbat istorio agertuko dira, zeren eta, batzuetan, iraganak oraina ulertzeko eta hobetzeko balio baitezake, baita gero eta gertuago dugun etorkizun distopikoa saihesteko ere”.
Egunez eguneko programazioa katalogo honetan duzue.
