Nontzeberri

Donostiako Giza Eskubideen 21. Zinemaldia

Gaur hasita eta apirilaren 19ra bitartean, Donostiako Giza Eskubideen 21. Zinemaldia egingo da. Aurten bereziki, honako gai hauek hartuko dira kontuan: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak,… Aipaturiko gai horien gainean izango dira pantailaratuko diren filmak eta egingo diren solasaldiak.

Aurten 35 nazionalitateko 45 film programatu dira guztira (26 film luze eta 19 film labur), eta izen handiak daude tartean, besteak beste Agnieszka Holland eta Nuri Bilge Ceylan, baita Indarkeriaren oi(h)artzunak eta Muerte en Amara euskal ekoizpenen estreinaldi absolutuak ere.

Benito Zambranok zuzendutako El salto (2023) filmak emango dio gaur hasiera Victoria Eugenia Antzokian, Donostiako Giza Eskubideen 21. Zinemaldiari. Gaur ere, Fernando León de Aranoa zinegileak aurtengo sari berezia jasoko du.
Eta azken egunean, apirilaren 19an, Andrea Jaurrietak zuzendutako Nina (2023) euskal filmak itxiko du zinemaldia Victoria Eugenian. Egun horretan film luze eta laburren sariak banatuko dira.

Antzoki Zaharrean, hiriko ikastetxeentzako gazteentzat goizeko emanaldiak antolatu dira  eta adin-taldearen arabera aukeratu diren filmak hauek dira: Kurrin (2022), Dounia eta Alepoko printzesa (2022) eta 20.000 especies de abejas (2023).

Zinemaldiaren programazioan, film guztien gain, lau erakusketa ere paratuko dira, non ilustrazioak eta argazkilaritza gai nagusiak izango diren.

Egunez eguneko programazioaren nondik norakoak: Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia

Exit mobile version