Apirilaren 23tik 30era, Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldiaren programa garatuko da Gipuzkoako hiriburuan. Massoud Bakhshik zuzenduriko Yalda, la noche del perdón (2019) filmak ekimenaren ateak zabalduko ditu gaur, apirilaren 23an, Victoria Eugenia Antzokian.
Aurten, 19 nazionalitatetako 36 film (22 film luze eta 14 labur) proiektatuko dira guztira, eta 5 erakusketa ere zabalduko dituzte. Filmok Antzoki Zaharrean eta Victoria Eugenia Antzokian pantailaratuko dira, eta gainera, bi saio berezi egingo dira Tabakaleran eta Kresala Zineklubean.
Apirilaren 30ean amaituko da Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldia Éric Barbierrek zuzendutako Petit pays (2020) filmarekin. Emanaldia Victoria Eugenia Antzokian izango da eta bertan ospatuko den galan zinemaldiaren sari berezia jasoko dute Montxo Armendariz zuzendariak eta Puy Oria ekoizleak.
Zinemaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jasotzen du Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, baita hainbat GKEren eta entitateren laguntza ere ‒Euskadiko GGKen Koordinakundea, CEAR, Unicef, Gehitu, Amnistia Internazionala, Acnur, SOS Arrazakeria eta FiSahara, besteak beste‒.
Programazio guztia: Giza Eskubideen 18. Zinemaldia
