Urriaren 31n, ostirala, Paul Urkijoren zuzendaritzapean ekoitzi den Gaua pelikulak Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 36. astea inauguratuko du Kursaalean. Bestalde, Johannes Robertsen Primate film estatubatuarrak itxiko du Antzoki Zaharrean azaroaren 7an.
Bi egun horien artean, urteko fantasiazko zinemako film onenen hautaketa bat proiektatuko da, film luzeak eta laburrak, eta haien artean hainbat jarduera paralelo egingo dira. Euskal ekoizpeneko beste bi film luze programatuko dira: Antonio Muñoz de Mesak zuzendutako Santa Zeta estreinatuko da lehenengo aldiz Euskal Herrian, eta euskarazko bertsioan Decorado proiektatuko da, Alberto Vázquezen animazioko filma.
Besteak beste, Luc Bessonen Dracula: A Love Tale, Stephen Kingen nobela homonimoan oinarritutako The Long Walk, A Useful Ghost Thailandiako ekoizpen harrigarria, eta Eduardo Casanovak zuzendutako Silencio banpiroen miniseriea ikusi ahal izango dira egun horietan Antzoki Zaharrean. Aurten 30 film luze, 36 film labur eta telebistako 4 kapitulu proiektatuko dira guztira.
Horretaz gain, aurten bi saio programatuko dira Tabakaleran: Eraserhead, David Lynchek zuzendutako lehen film luzea eta La torre de los siete jorobados, Edgar Nevilleren Espainiako fantasiazko zinemaren klasikoa, Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan.
Abonuak gaurtik aurrera daude eskuragarri Antzoki Zaharreko leihatilan eta, sarrera solteak urriaren 27tik aurrera eskuratu ahalko dira Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan zein Donostia Kultura webgunean. Inauguraziorako sarrerak Kursaaleko leihatilan eta bere webgunean ere salduko dira.
