Hasteko, gaur bertan Donostiako Mogambo aretoan AEBetako Baltimore hiriko OXES rock talde instrumentalak joko du. Bere jarioaren math rock (rock matematikoa) edo post-rock gisako etiketak jarri dizkiote. Emanaldia 20:00etan hasiko da.
Halaber, bihar beste kontzertu interesgarri bat ikusteko aukera izango da Donostiako Doka antzokian Harrobia Zuzen programak antolatuta. Bertan, sekulako rock eztanda entzungo da Cobra (Bilbo, Metal eta Southern rock) eta Trumbo (Gasteiz, Stoner rock) banden eskutik. Kontzertua 20:30ean hasiko da.
Etzi, eta estilo beroagoekin jarraituz, Akatz reggae banda bizkaitarrak MR. T-BONE meets AKATZ (+ friends) izeneko emanaldia egingo du larunbatean Bilboko Kafe Antzokian. Europako reggae panoraman Mr. T-Bone musikari italiarra erreferentea da, eta Bilbora dator Mr. T-Bone & Friends – Instrumental sessions vol.1 (Jump Up Records 2010) lana aurkeztera. Bira horretako kontzertu bakoitzean tokiko talde batekin joko du. Hala, Bilbon, Akatz izango du ondoan.
Halaber, GOR diskoetxeak ere berarekin grabatzen duten taldeen datak helarazi dizkigu: larunbatean Mantisak Berri Txarrak eta Gatiburekin joko du Zarautzen egiten ari diren Udaberri Fest musika jaialdian. Era beran, Yogurinha Borovak bi kontzertu eskainiko ditu asteburu honetan: gaur, Bilboko La Bola de Cristalen izango da; larunbatean Bilborocken.
Amaitzeko, Mogambora itzuliko gara. Izan ere, igandean, Frantziako bi taldek joko dute: My Own Private Alaska (rock armosferikoa) eta Sugartown Cabaret (post-hardcore).