Pantxoa eta Peioren azken biraren barruan kontzertua izango da maiatzaren 9an, Bilboko Santutxu auzoan.
“1976an Santutxun ospatutako euskal kanten jaialdia auzokideek nahi baino arinago bukatu zen. Ikurriña bat tarteko, Polizia Nazionalak kargatu eta kontzertua bertan behera utzi zuen. Aurten, 50. urteurrena aprobetxatuz, jaialdia berriz ospatuko da, eta Pantxoa eta Peioren azken biraren barruan kontzertua izango da maiatzaren 9an. Belaunaldi bati eskertza egin eta auzolanerako prestutasuna aldarrikatuko dugu, Santutxu euskaldun baten alde”.
Santutxu auzoak berri biziko ditu garai hartako euskararen aldeko ekinaldiak musikaren bidez. “Kontzertu hau maitasun eta ilusio handiz antolatu dugu, ideia argi batekin: Santutxun azken 50 urteotan euskalgintzan eta auzogintzan lanean aritu diren kide guztiei —bereziki dena egiteke zegoenean lanean hasi zirenei— eskerrak emateko egun polit bat antolatzea. Atzera begirada bat egin nahi dugu etorkizunean ere auzoan lanean jarraitzeko indarrak biltzeko. Gure helburua herrigintzan eta auzolanean eredu izan den belaunaldi oso bat omentzea da eta dagoeneko lanean ari diren belaunaldi berriei lekukoaren transmisioa irudikatzea.
Kontzertuaz gain, arratsalde berean, auzoan zehar kalejira musikatua egingo dugu. 18:00etan Bastida plazatik hasiko da Hots kolektiboak lagunduta.”
