BilbaoArtek, Bilboko Udalaren ekoizpen artistikoko zentroak, Argiñe Ceballosen Uretan, dantza distiretan urtzen da erakusketa abiatu du martxoaren 30era arte. Bertan BilbaoArtek estudio lagapenarekin 2023-24an emandako bekaren esparruan eta geroago Otxarkoaga Opengelako estudioetan artistak egindako azken ekoizpenak aurkezten dira.
Argazkiek, oihalek, eskulturek eta instalazio-izaerako bideo batzuek osatzen dute proiektua. “Ceballosek ehuna luzatu, zeharka ebaki eta batu egiten du; objektuak eta gorputzak biltzen ditu berarekin uretan, eta arretaz behatzen ditu argiaren eraginak edo korrontearen jarioak haietan sortzen dituen aldaketak. Aldaketa eta mutazio efimeroak, artistak argazki eta bideotan atzematen dituena, ukiezina dena erregistratzen saiatuz eta besteekin aldi batez duten loturagatik bakarrik existitzen diren gorputz berriak sortzen ahaleginduz. Gorputz bat biltzen duen ehunari eta beraren eraldaketari buruzko interes horrek zuzeneko lotura du “ekdisi” kontzeptuarekin, hau da, narrasti batzuen larru zaharra desitsasteko prozesuarekin. Larrua berriztatzen da, eta desitsastean bildu eta laztandu egiten du, gorputzaren bizi-etapa baten ebidentzia bihurtuz; gorputz-memoriaren artxibo bat, eta, aldi berean, denboran zehar egindako garapenaren metafora bat.
Larruak uzten dio itsatsita zuen gorputza izateari, ente edo objektu autonomo gisa azaleratzen da, eta eskeletorik gabeko izaki moduko bat izatera pasatzen da, inguratzen duten elementu fisikoei erantzuten dien jokabide batez. Tapaki mehe moduko bat, zeharrargia, elastikoa eta aldakorra, gorpuztasun berriak eskuratzen dituena beste gorputzen aldean”.
Argiñe Ceballos Gelozaga (Ugao-Miraballes, 1999) Ikerketa eta Sormena Artean izeneko Masterra egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean. Artean graduatu zen 2023an. Zenbait erakusketa kolektibotan parte hartu du, besteak beste espazio hauetan: Okela, Gau Irekia (2022) programazioaren baitan, Bizkaia Aretoa (2023) eta BilbaoArteren URBITARTE40 Aretoa (2023). BilbaoArteko artista egoiliarra 2023-24an.
Erakusketaren kariaz, BilbaoArtek artistaren monografia bat argitaratu du: irudien artxibo bat da, ehun- eta argazki-materialetatik, bideoen fotogrametatik, testuetatik eta materialak batzetik abiatuta.
