Nontzeberri

Denbora, memoria eta aldaketaren inguruan hausnartuz

Zumarragako Zelai Arizti Kultur Etxean, Ione Larrañaga ilustratzailearen Eraldatu erakusketa ikusi ahalko da uztailaren 20ra arte.

Erakusketa horretan artistak azkeneko bi urteetan egin dituen ilustrazio aukeraketa bat aurkezten du. Denbora, memoria eta aldaketaren inguruan lan eginez, natura, flora eta fauna irudikatzen dituen hamasei obra ikusi daitezke.

Ione Larrañagak berak kontatzen du zer-nolako ibilbidea izan duen ilustrazioaren munduan: Madrilgo Unibertsitate Konplutensean Arte Ederretan graduatu nintzen eta, bertan ere, pinturan espezializatu. Geroago, Bristolen (UK) bizi nintzenean, marrazkia eta ilustrazioa interesatzen hasi zitzaizkidan, interes horiek Bartzelonara eraman ninduten, Elisava Unibertsitatean Ilustrazio eta Komiki masterra ikastera. Arlo desberdinetan lan egin ostean, gaur egun Ilustrazioa eta Muralismoan zentratu naiz, freelance bezala dihardut nire jaioterritik.
Nire lan pertsonalean denbora, memoria eta aldaketaren inguruan lan egiten dut. Etengabeko aldaketa interesatzen zait, iragankorra eta ezegonkorra, denboraren kontzeptu erlatibo hori, zeinetan segundo bat eta ordu bat, etorkizuna, oraina, ukiezinak izan daitezkeen.
Naturan bizitzen eta ikusten ditugun uneak betirako geratzen dira gure memorian. Ahaztu gabe denbora hasiera eta amaiera baten menpe dagoela. Horregatik, nire lanetan etengabe ikus dezakezu flora eta fauna nola irudikatzen ditudan bizitza eta heriotzaren etengabeko ziklo horretan. Natura deskribatu berri dudan bizitza ikuspegi horretara gerturatzeko modu bat da niretzat. Naturaren bitartez, gainera, norberaren buruarekin ditugun barne borroka existentzialak, baita lurrarekin eta gainerako  gizakiekin ditugun harremanak irudikatzen saiatzen naiz.”

Ekitaldi hau Katapulta Plataformak sustatuta dago Zelai Ariztiren kolaborazioarekin.

Exit mobile version