Otsailaren 10ean, Bilboko Arriaga Antzokiak kontzertu berezia hartuko du; egun horretan, hain zuzen, Delorean banda gipuzkoarrak Mikel Laboa musikaria omenduko du zuzenean.
2014an, Donostian, Adarra sarien harira ondutako ekitaldien baitan, Mikel Laboa omentzeko kontzertuaren ideia sortu zen. Emanaldi hartan, Delorean laukoteak 45 minutuko kontzertua egin zuen, Laboaren kantuen erremixekin osatua.
Jasotako harrera onaren ondorioz, zarauztarrek emanaldi gehiago egitea erabaki zuten. Hala, otsailaren 10ean, Arriagako Antzokian izango dira, eta kasu horretan, errepertorioa zabalagoa izango da, 75 minutukoa, hain zuzen. Hortaz, Deloreanek Laboaren moldaketa berriak aurkeztuko ditu.
Delorean, 2001ean eratu zen Zarautzen, eta harrezkeroztik ibilbide oparoa egin du, bai eta disko bikainak grabatu ere, tartean, Subiza eta Apar.
