Mungiako Dekot banda gazteak martxoan plazaratuko duen lehenengo grabazioa, EPa, aurkeztuko du larunbatean, Bermeoko Beleza Malandra tabernan, 22:30etik aurrera. Laukoteak dagoeneko zabaldu du lan berri horretako estreinako kantua, Ura, post-punk kutsuko doinu iluna.
Ibai (gitarra, teklatuak eta ahotsa), Ane ( teklatuak eta ahotsa), Janire (baxua) eta Ibonek (bateria) osatzen dute Dekot talde gaztea. Taldearen jarioa herrikide dituzten Belakoren proposamenarekin alderatu daiteke; hots, joera elektronikoa duen pop-rock independentea. Taldekideen esanetan, “musika alternatiboa” dute gustuko: Wolf Alice, Kasabian, Artic Monkeys, Muse, Mando Diao, The Cure, Placebo, The XX…
Halere, Dekot taldeko kideen arabera, haien estiloa ez dago hain definitua, lausoagoa da, gitarrarentzako tarte propioak egiten dituzte, eta dentsitate handiagoko erritmoak bilatzen dituzte, kantu azkarragoekin kontrasta ditzaten. “Asko begiratzen diogu Bristolgo trip-hop-ari”.
Martxoaren 15ean, estreinako EPa plazaratuko dute, eta laukoteak iragarri duenez, “taldearen aurkezpen-gutuna” izango da.