Abenduaren 27tik 30era bitarte AnimaDeba, Debako V. Animazio Zinemaldia izango da. Antolatzaileek egitarau sendoa ondu dute, eta proiekzio guztiak Agirre Jauregiko ispiluen Gelan egingo dira.
Hala, abenduaren 27ko egitaraua Isabel Herguerak hitzaldia emango du 19:00etan. Herguera donostiarra da eta Arte Ederretan lizentziatua. Animazioa ikasi du Alemanian eta Kalifornian. Bere animazio estudio propioa dauka, Loko Pictures. Bere film laburrek hainbat sari jaso dituzte, tartean, Animamadrid film labur onenaren saria, eta Goya sarietarako izendatua ere izan da. Hitzaldiaren ostean, bere hiru film labur ikusi ahalko dira. Gauean berriz, 22:00etan The Nightmare Before Christmas (Henry Selick, 1993) izango da ikusgai.
Abenduaren 28an hiru izango dira hitzorduak: 17:00etan, Aita zonbia naiz (Ricardo Ramon eta Joan Espinach, 2011); 19:00etan, Zeinek gehiago iraun (Gregorio Muro, 20119) eta Arrugas (Ignazio Ferreras, 2011).
Jaialdiaren hirugarren egunean, abenduak 29, Gartxot (Asisko Urmeneta eta Edorta Barruetabeña, 2011) film ezaguna proiektatuko dute.
Azken eguneko egitaraua, abenduak 30, 17:00etan hasiko da Katu bat Parisen (Jean-Loup Felicioli eta Alain Gagnoil, 2010) film luzearekin, eta 19:00etan, Vogel (Amaia Azkorra, 2011) laburra eta Inmigrantes (Gabnor Csupo, 2008) luzea izango dira ikusgai.
Amaitzeko, aipatu behar da erakusketa bat ere izango dela, Agirre Jauregiko Erakusketa Aretoan: Isabel Hergueraren Bidaia Koadernoak. 2005etik 2010era Indian izandako egonaldietan egin zituen marrazki eta collageak izango dira ikusgai.