Jaialdia uztailaren 28tik 30era izango da Areatzan, eta doakoa izango da. Eta II. Bilbao Blues Festival Saria Rick Estrin (Kalifornia, 1949) bluesaren legendarentzat izango da
Bilbao Blues Festival jaialdiaren bigarren edizioko kartela itxita dago jada. Shakura S´Aida, Tia Carroll, The Original Blues Brothers Band, Anthony Paule Soul Orchestra, Ghalia Volt eta Vasti Jackson and the Mississippi Trinity martxoan baieztatutako Rick Estrin & The Nightcats, The Cinelli Brothers, Bette Smith, The Big Flyers, Koko-Jean and The Tonics eta Los Mambo Jambo Arkestra artistekin arituko dira.
Sari berezia jasoko duen Estrinek XX. mendearen bigarren erdialdeko artista garrantzitsuenetako batzuekin lan egin du: Windy City Johnny Young, Eddie Taylor, Sam Lay, John Littlejohn, Koko Taylor, John Hammond, Robert Cray, Muddy Waters….
1976an Little Charlie & The Nightcats taldea sortu zuen Charlie Baty gitarrista ezagutu zuenean, Lorenzo Farrell baxu-jotzailearekin eta J. Hansen bateria-jotzailearekin batera. Baty 2008an erretiratu zenean, Rick Estrin & The Nightcats sortu zuen eta horrekin irabazi zuen Blues Music Award preziatua Urteko Bandari, 2018ko eta 2021eko edizioetan.
Aipaturiko taldeek eskainiko dituzten kontzertuez gain, makina bat jarduera paralelo ere antolatu dira. Adibidez, Guggenheim Bilbao Museoak haurrentzako doako kontzertu pedagogikoak eskainiko ditu, TopARTE programaren barruan. Diablues ta Bluezifer bikoteak, EiTBko aurkezle Oihan Vegarekin eta Nagore Sanz kontrabaxu-jotzailearekin batera, jarduera didaktiko honetan parte hartuko dute. Gainera, The Blues Brothers film historikoko Jake eta Elwood Blues anaien Granujas a todo ritmo dixie band-a Zazpikaleetan zehar ibiliko da erritmo bizian New Orleans estiloko kalejira batean.
Eta Areatzako kioskoan boogie woogie doako eskolak ere itzuliko dira. Jende guztiak parte har dezake, dantzan esperientzia izan ala ez.