Nafarroako Filmotekak Ezinbesteko Zinema izenburuko programa prestatu du hil honetan. Egitarauak hiru film biltzen ditu, gaur bertan, hain justu, zikloaren bigarren emanaldia egingo da: Das Kabinett des Dr. Caligari (Robert Wiene, Alemania, 1920). Espresionismoaren ikur zinematografikoa Reykjavik606 egitasmoaren musikarekin ikusi eta entzungo da, zuzenean.
Alemaniako mugimendu espresionistak emandako lehendabiziko filma da. 1920an zuzendu zuen Robert Wienek, Hans Janowitz eta Carl Mayer idazleek idatzitako gidoi batetik abiatuta. Korronte espresionista horretako beste ordezkari batzuk hauexek izan ziren: Fritz Lang, F.W. Murnau eta Paul Wegener. Espresionismoaren ezaugarriak, gainera, AEBetan 40ko urteetan ekoitzitako noir generoan ere txertatu ziren: kontraste handiko argiak, itzalak, angelu eta dekoratu distortsionatuak…
I. Mundu Gerran, Alemaniak izandako paperaren inguruko kritika da filma. Horretarako, Caligari mad doctor eta Cesare bere somnanbulu fidelaren istorioa baliatu zuen zuzendariak. Biak ala biak Alemaniako herri batean gertatutako hainbat hilketetan inplikatuta egongo dira.
Bestalde, Reykjavik606, Kino Internacional eta Borja Piñeiro bikoteak zuzendutako proiektu elektronikoa da. Haien musikarekin jantziko dute film mitikoa.
Zikloaren baitan pantailaratuko den azken filma, Jean Renoir zinegile frantziarraren Le crime de Mr. Lange (1936) izango da, zeina hilaren 25ean aurkeztuko den.
“Zinemaren urteurrena”
Horretaz gainera, hil honetan bigarren ziklo bat ere ondu du Nafarroako Filmotekak: Zinemaren urteurrena. Programa hil honen 3an hasi zen, baina beste bi film ikusteko aukera dago oraindik: ostiralean, In Cold Blood (Richard Brooks, AEB, 1967) eta hilaren 27an, Bram Stoker’s Dracula (Francis Ford Coppola, AEB,1992).