Nontzeberri

Dantzaldiaren bigarren saioa Marcat Dance talde ospetsuarekin

Paula Comitre, Marcat Dance eta Mucha Muchacha sortzaileak XXVI. Dantzaldiaren oholtzatik pasatuko dira hil honetan. Jaialdia irailaren 25ean inauguratu zen Deustuko La Fundición aretoan, Kanarietako Dantza Garaikidearen Nazioarteko azkenengo Jaialdian sari bikoitza jaso duen Vasiliki Papapostolou koreografo eta dantzari greziarraren Panopticon piezarekin.

Baina hil honetan jaialdiaren jarduera guztiak oholtzaratuko dira. Lehen saio garrantzitsua bihar, hilak 6, izango da, Azkuna Zentroko auditorioan. Bertan Catherine Coury estatubatuarrak eta Mario Bermúdez Gil koreografo espainiarrak sortutako Marcat Dance konpainia arituko da El bosque izeneko ikuskizuna aurkezteko. Lan horrekin Bermúdez Gilek 2023ko Max Saria jaso zuen (Dantzako gizonezko interpreterik onena), Couryk urte horretan Lorca Sarietan (emakumezkoen kategorian) eskuratu zuen sari bera.

Hurrengo ikusgarria azaroaren 15ean izango da Guggenheim Bilbao Museoan. Paula Comitre sevillarrak Après vous, madame lanaren euskal estreinaldia egingo du. Oraingo honetan, pieza kontzertu formatuan eskainiko da, “ikuskizunaren bertsio biluzia, Guggenheimeko agertoki berezira egokitzeko”, azaldu du Comitrek. Tradizio flamenkoaren eta lengoaia koreografiko garaikidearen artean zubiak eraiki ditu dantzari horrek.

Azaroaren 22an, Dantzaldia Barakaldora helduko da, eta bertan Mucha Muchacha taldea arituko da, izen bereko ikuskizuna aurkezteko.

Hauek dira konturik aipagarrienak, baina guztira dozena bat hitzordu izango dira, Dantzaldiaren helburua “dantza garaikidea gizarte osoarentzat irisgarri eta eskuragarri egitea” baita.

Programazio osoaren xehetasun guztiak Dantzaldiaren webgunean dituzue.

Exit mobile version