ESZENA

Dantza, antzerkia eta musika Getxoko Muxikebarrin

Asteburuan, programazio anitza hartuko du Muxikebarrik, eta bertan musikaz, dantzaz eta antzerkiaz gozatzeko aukera izango du publikoak.

Proposamena larunbatean, hilak 15, abiatuko da, Musikeneko ikaslek osatutako Galerna Boskotearen goizeko saioan. Galerna Boskotearen emanaldia Musikenek, Getxoko Kultur Etxeak eta Andrés Isasi Musika Eskolak sinatutako hitzarmenari esker sortutako ekimena da.

Arratsaldean, 19:00etan, antzerkiak hartuko du lekukoa, Javier Liñera aktore eta zuzendari getxoztarraren eta Ékoma konpainiaren azken lanaren eskutik: Antonia. Ikuskizunak memoriaren kontzeptuan sakontzen du, idazle baten buruan murgilduz bere historia eta bere pertsonaiena ezagutzeko.

Igandean, hilak 16, Muxikebarrin dantza izango da protagonista. Ertza konpainiak Zehar ikuskizuna aurkeztuko du, 19:00etan, Ereaga aretoan. Lanaren ardatza gizakiak bere bizitzan izan ditzakeen aldaketa ugariak dira. “Inguratzen gaituen guztiak, gu barne, etengabeko mugimendu zikliko batetan parte hartzen du. Jaiotze eta hiltze errepika baten baitan. Eta gure begietara zerbait hiltzen denean, beste ziklo baten parte izatera pasatzen da. Beste mugimendu berri batetan bilakatzen da. Azken finean bizirik darrai nolabait. Guk asmatutako denbora finitoa motz gelditzen da amaigabeko jario infinito hori neurtzerako orduan. Hemen, pertsona baten transformazioen testigu izango gara. Itxura, emozio, bizipen eta ikasgai ezberdinetan zehar ordubeteko bidaia bat. Edo hobekiago esanda, bizitza labur bat. Nahiz eta hemen ere zaila suertatu, eszena horiek noiz jaio ziren eta noiz hilko diren esatea.”

Asier Zabaleta egile, zuzendari, dantzari eta koreografoa ordubeteko pieza da Zehar.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.