Nontzeberri

Danele Sarriugarte, Sopelan literaturaz solasean

Sopelako Udaleko Euskara Zerbitzuak Sopelan Literaturaz Solasean ekimena ondu du; hala, hiru solasaldi izango dira, hiru idazlerekin, urrian, azaroan eta abenduan. Bada, hil honen 16an, Danele Sarriugartek Erraiak bere estreinako eleberria izango du hizpide, Kurtzio kultur Etxean, 19:30ean.

Bikote hausturak emakumezko batengan eragindako obsesioak biltzen ditu Danele Sarriugarteren (Elgoibar, 1989) Erraiak (Elkar) nobelak. Gipuzkoarra Itzulpengintzan lizentziaduna da, eta itzulpengintzari buruzko Elearazi bloga ere zuzentzen du.

Liburuaren protagonistak Z mutilagunaren eskutitza aurkituko du etxean; paperak haustura iragarriko dio protagonistari. Apurketa traumatiko horrek protagonistaren bikote-harremanen barruko kontakizuna piztuko du; horretarako, atzera eta aurrera ibiliko da, iraganetik orainera eta orainetik iraganera: Txosnetako musikak eta sustantzia toxikoek berotutako komunetako zirriak; oroitzapen domestiko mingarriak; institutuko sexu-frustrazioak; arteak eta sormenak eragindako aurreiritziak; sexua, suizidioa, lagunak, familia eta literatura (Bukowski, David Foster  Wallace, Rayuela…); kasualitatearen ondorioz gertatutako sexu-gau efimeroak eragindako buru-jateak amatatzeko konpultsiboki irensten diren Mars, Toblerone eta Nutella.

Sopelako beste solasaldiak ondokoak izango dira: azaroaren 11n, Iban Zalduak Inon Ez, Inoiz Ez bere liburu berriaz arituko da; eta, azkenik abenduaren Bernardo Atxagak Nevadako Egunak liburua jorratuko du.

Exit mobile version