Durangoko Azokaren atarian DA! PRO topaketaren zazpigarren edizioa izango da, azaroaren 25ean eta 26an. Hortaz, 21era bitartean, DA! PRO topaketan izena emateko aukera izango dute.
Antolatzaileek topaketan parte hartuko duten sortzaileak aukeratu dituzte eta hamazortzi izango dira guztira: zortzi familia-ikuskizun eta hamar musika proiektu. “Durangoko Azokak bere burua Kulturaren Jaialdi gisa aldarrikatzen duen heinean, ezinbestekotzat jotzen du bere jarduna Azokako egunetatik harago hedatzea eta, batez ere, Azoka bera tokian tokiko kultur garapenerako baliagarria izatea”,
Familia ikuskizunen DA! PRO azaroaren 25ean egingo da, goizeko 9:00etatik aurrera, Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan, eta bertan, zortzi proposamen artistiko aurkeztuko dira. Dantza, antzerkia, musika, bertsoak eta bestelakoak bilduko dira.
Hurrengo egunean musika entzuteko parada egongo da Plateruena aretoan. “DA PRO MUSIKA, sortzaile eta programatzaileen arteko topagune gisa, ezinbesteko tresna bihurtu da gure musika sektorearentzat.” Aurtengo edizioan hamar proiektu aukeratu dituzte antolatzaileek: Sueder, Sara Zozaya, Gartxot, Jonkass, Hondora, Ilargi, Maialen Ibarra, Uxue Kerejeta, Euskal Barrok Ensemble eta Maider.
