Nontzeberri

Conrad eta Verne, euskaraz

Elkar argitaletxeak Joseph Conrad idazlearen Ilunpeen bihotzean eta Jules Verneren Mikel Strogoff liburuak argitaratu eta aurkeztu berri ditu. Biak ala biak Urrezko biblioteka sailaren barruan plazaratu dira, dagoeneko, dozena bat ale dituena.

Conrad-en lan ezaguna Iñaki Ibañezek itzuli du, eta Verneren tatariarraren abenturak, berriz, Karlos Zabalak euskaratu ditu. Bi itzultzaileok eskarmentu handikoak dira, eta bestelako literatur lan unibertsalak ere itzuli dituzte.

Argitaletxearen arabera, “eleberri labur hau (Ilunpeen bihotzean) 1898-1899an idatzi zen, eta, lehenik atalka argitaratu ondoren, 1902an plazaratu zen liburu gisa. Egileak gaztetan Belgikaren mendeko Kongon egindako bidaian hartzen du inspirazioa, Leopoldo erregeak ustiaturiko kolonia hartako krudelkeria salatzeko. Marlow marinelak egindako ibilbidearen kontakizunaren azpian, berriz, giza emozioei buruzko azterketa konplexu bat garatzen da”.
Lan horren itzultzailearen harira, Iñaki Ibañez Donostian jaiotako (1959) zumarragarra da, eta Gipuzkoako Foru Aldundian dihardu, itzultzaile.

Mikel Strogoff ere abentura liburua da: “Tatariarrek Siberiako bidea eta telegrafo haria moztu dituzte eta hiri nagusiak setiatu. Tsarraren anaia Irkutsken dago, Moskutik 5.200 verstara, eta ez daki zein arrisku handitan dagoen. Tsarrak mezua bidalio dio mandatari baten bidez. Eta Mikel Strogoff Moskutik abiatu da Irkutskera bidean. Baina Ivan Ogareff traidorea ere harantz doa”.
Strogoff abenturazale klasikoaren nondik norakoak Karlos Zabalak itzuli ditu. Irunen jaioa, 1963an, filologoa da ikasketaz eta itzultzailea lanbidez.

Exit mobile version