Nontzeberri

Colour Haze, Motorpsycho eta Karma to Burn, Bilbon

Metal, hard-rock, stoner eta bestelako estilo pisutsuen zaleek ezinbesteko hitzordua dute larunbatean, maiatzak 24, Bilboko Santana 27 aretoan; izan ere, egun horretan, Kristonfest jaialdia egingo da, eta bertan, Colour Haze (Norvegia), Motorpsycho (Norvegia), The Socks (Frantzia) eta Karma to Burn (AEB) taldeek joko dute.

Colour Haze munduko stoner talde garrantzitsuenetarikoa da, eta Bilbon, She Said (Elektrohasch Records) izenburuko lana aurkeztuko dute. Norvegiarrek tarte psikodeliko eta progresiboak ere tartekatzen dituzte euren doinuetan.

Norvegiako Motorpshycho, berriz, talde sailkaezina da, bai eta ibilbide luzekoa ere. Horren erakusle, Behind The Sun, euren 17. diskoa; hain zuzen ere, Bilbon, lan hori aurkeztuko du. Motorpshychok psikodelia, blues-rock gogorra eta rock progresiboa uztartzen ditu, Blue Cheer, Hawkwind eta King Crimson klasikoen erara.

Karma to Burn estatubatuarrak, bestalde, iazko Kristonfest jaialdian izan behar ziren, baina azkenik, ez ziren etorri. Aurten, aldiz, bai izango direla Bilbon. Kyuss, Fu Manchu eta bestelako stoner estiloko piztien garaikidea da Karma to Burn.

Amaitzeko, Frantziako The Socks karteleko talde gazteena da, eta 70eko hamarkadako rock gogorra jotzen du. Gaur arte, bi EP argitaratu ditu.

Exit mobile version