Nontzeberri

Clown eta antzerki-ikerketari buruzko ikastaroak, Gasteizko Eszena-Arte Tailerrean

Bi proposamen berri batuko dira Eszena-Arte Tailerreko formazioan. Alde batetik, kurtso hasieran zabaltzen ari diren tailerren artean, Amaia Bono antzezle eta gizarte-hezitzaile gasteiztarrak azaroaren 18tik abenduaren 19ra, astelehenetik ostegunera, Investigación y creación escénica eskainiko du, parte-hartzaileen sormen-prozesuak suspertzen eta gidatzen. Bestetik, Andres Bezares antzezle eta antzerki-irakasle gasteiztarraren begirada jolasean eta barrean jarriko da El azar y el clown ikastaroan, ostiralero, kurtsoa amaitu arte, pailazoaren artea oinarria hartuta. Antzezleak edo dantzariak, profesionalak edo eskarmentu gabeko sortzaileak, edo jakin-mina duen edonor parte-hartzailea izan daiteke tailerrean.

Amaia Bonok ohikoak ez diren dramaturgien antzerki-konposaketa eta sormena ikertzeko unean honakoa zehazten du: “Lan-esparrura ailegatu, biluzik parketa zapaldu eta badakizu: iristear dago ona izango den hori. Edonork hutsetik zerbait berria egitea ezinbesteko ekarpena da haren sormen-nortasunarentzat. Ideia bat sortu, edo ideia batetik hasi, irudi bat garatu edo testu bat aurkitu, edo biak alde batera utzi, oholtzan zure egoteko/izateko/egiteko bidea bilatu”. Helburua da imajinarioa esnatzeko tresna batzuk taldearen eskura jartzea, interesen arabera sustatzeko edo eraldatzeko. Parte-hartzaile bakoitza, banaka edo taldeka, antzerki-sormen proiektu batean murgilduko da, besteekin elkarrizketan.

Amaia Bonok Eszena-Arte Tailerrean ikasi zuen eta bi urtetan zehar Parasite Kolektiboaren Antzerki-Ikerketa Laborategian parte hartu du. Save The Children, Amnistia Internacional edo Asve elkarteekin, arte eszenikoetatik gizarte-eraldaketarako proiektuak gidatu ditu.

Clown unibertsora bidaia egiteko proposamena dakar bigarren tailerrak. Andres Bezares gorputz-espresioan eta lecoq teknikan irakaslea da Gasteizko antzerki-eskolaren Antzezle Formakuntza eta Hastapena kurtsoetan. Ostiralero, parte-hartzaileek sortzeko gunea izango dute haien imajinarioa eta izaera ezagutzeko, nahia, akzioa eta arrisku-hartzearekin lotutako tresnak sustatzen. Bertan, komedia-saio txiki batzuk edo eszena dramatikoak garatuko dira. “Bazenekien pentsatzen zenuen baino ergelagoa izan zaitezkeela? Geure clown-aren bila joango gara eta babo bat, txoriburu bat, kirten bat, memelo bat, ergel bat, zoro bat eta auskalo zer aurkituko dugun”, proposatzen du kurtsoak.

Exit mobile version