Madrileko Unibertsitate Complutense delakoaren barruan antolatzen diren udako ikastaroetan, Eduardo Chillidaren ibilbide eskultorikoa aztertzeko tartea hartuko dute bertan dauden ikasleek, eta horretarako gaur berton, Chillida-Lekun bisitaldia, eta hainbat hitzaldi antolatu dira.
Eskulturarekin artistak garatu duen bidea eta bertatik bertara, eskulturekin dagoen harreman zuzena analizatuko da egunotan. Gaur berton, Hernaniko Museoan, Alberto Cobok Eduardo Chillidaren eskulturari buruzko hitzaldia eskainiko du, eta Luis Chillidak bertako instalazioak erakutsiko dizkie ikasleei.
Bihar, uztailak 1, ikastaroko parte-hartzaileek Homenaje a Ruiz Balerdi izeneko obra bisitatuko dute Susana Chillidaren eskutik, eta gero Chillida Lantoki lekua ikusiko dute, Haizearen orrazia obra famatua burutu zuen tokia, alegia.
Unibertsitate Complutensen burutzen ari den Filosofía y arte: idea y espacio en la obra de Eduardo Chillida izeneko jardunaldiak borobiltzeko ekitaldia da honako hau. Egun hauetan, arte eta filosofiaren arteko harremanaz mintzatu da, eta bertan Eduardo Chillidaren obra kokatu behar da, Martin Heidegger, Gaston Bachelard edo Émile Cioran autoren gaineko hausnarketaren fruitu gisan.
Ikastaroan ere Kosme de Barañano, Susana Chillida, Ray Loriga edota Rafael Moneo eta Alberto Campo Baeza arkitektoen partaidetza bermatu da.