The Cherry Boppers funk talde bilbotarrak For Dancers Only izenburuko lan berria plazaratu du Gaztelupeko Hotsak zigiluaren bidez. Izenburuak aipatzen duenez, diskoak dantzarako hamabi doinu biltzen ditu, askotarikoak: funk, jazz, soul eta latin, besteak beste. Bada, gaur, Cherry Boppers Bilboko Kafe Antzokian izango da disko berri hori zuzenean aurkezteko, 22:00etatik aurrera, Reverendos taldearekin batera.
Gaztelupeko hotsak diskoetxearen arabera, “oroigarriz eta oihartzunez hornitutako diskoa dugu For Dancers Only: Curtis Mayfield, Marvin Gaye edo The Jb´s, Grant Green, Lou Donaldson edo Lonnie Smith atzeman genitzake. Perfekzio handiz diseinaturiko diskoa dugu inondik ere, groove egokiarekin eta Bilboko banda honek bere ibilbide luzean hartutako jakinduriarekin osatua. Jatorri afroamerikarreko soinu mordoa egokitu digu hain berea duen kontzeptura, gure garaiari dagokion ikuspuntua galdu gabe. Esan liteke For Dancers Only The Cherry Boppers lagunek duten eskarmentu handiaren froga dugula, eta muzinik onartzen ez duen dantzarako gomita”.
Diskoan tarte instrumentalak nagusitzen dira. Tarte horiek, gainera, askotariko esparru musikal beltz eta dantzagarrietan murgiltzen dira: Marvin’s Night, Marvin Gaye soul musikariari egindako omenaldia da; 4,3,2,1 kantuak erritmo latinoak gordetzen ditu; eta Susu Petalos abestian giro jazz zaleak nabaritzen dira.
