Poesiaren nazioarteko eguna dela-eta, Iruñeko Kondestablearen Jauregiaren areto gotikoak hiru poeten arteko solasaldia hartuko du bihar, martxoaren 24an, 19:30ean. Karrikiri Elkarteak eta Iruñeko Udalak antolaturik, eta Fernando Reyk gidatuta, literaturaz, poesiaz eta beren azken lanen inguruan arituko dira Castillo Suarez, Beatriz Chivite eta Angel Erro.
Castillo Suarezek Alaska liburua plazaratu berri du. “Alaska garai batean Altsasun egon zen jatetxe bat izan zen, bidaiariz eta turistaz betea egoten zena, Bernardo Atxagak bere liburuetako batean aipatu zuena. Amerikak bere ipar muturrean Siberiarekin bat egiten duen lurralde hotz hartan egin zuen jabeak nahikoa diru jatetxe hura muntatu eta, ondoren, Etzegaraten hotel handi eta elegante bat egiteko, igerilekua zuena, gaur egun abandonatuta dagoena. Maiz idatzi da desamodioaz eta abandonuaz, baina gutxiago tokiekin lotzen gaituzten hari ikusezinez, tokien dolua nola egin ez dakigula. Izan ere, geure bizia, geure puskak, berriz ikusiko ez dugun jendearengan uzten ditugu, berriz egongo ez garen tokietan. Eta denok dugu Alaska bat geure baitan. Denok dugu geure oroitzapenetara kateatutako tokiren bat, osorik edo erdizka gogoratzen duguna. Maite izan genuen norbait, egun non dagoen ez dakiguna.”
Beatriz Chivite idazle porrokatua da eta bereak dira Pekineko kea (Pamiela, 2017), Metro (Arabako Foru Aldundia, 2014, ingelesera itzulia, The Blue Line), Biennale (Erein, 2017) edota Mugi/atu (Pamiela, 2019). Sari ugari irabazi ditu eta bere poesia gaztelaniara, galizierara, ingelesera, frisierara, gaelikora, eslovenierara, italierara eta indonesierara itzuli da. bere azken obra Zeozer gaizki doa (Pamiela) izan da.
Azkenik, 2021ean, Blas de Otero-Angela Figuera poesia lehiaketan, euskarazko modalitatean Poema liburu bat irakurtzeko jarraibideak izan zen irabazlea, Angel Erro poetarena. Epaimahaiak haren tonu ironiko eta lasaia baloratu zuen, bizipoza transmititzen duena. Erromatar poeta klasikoen tonu eta generoen arabera idatzia ageri zaigu poesia, eta bizitzako atseginez dihardu, eta, haien artean, queer joeraz ere bai.