Donostiako Bang Bang Zinema taldeak emanaldi bikoitza ondu du larunbatean, Antzoki Zaharrean, 19:30etik aurrera.
Stanley Kubrickek Diane Johnson idazlearekin batera idatzi zuen The Shining (1980) filmaren testua, Stephen King idazle ospetsuaren jatorrizko eleberrian oinarrituta. Kubricken bertsioa baina, asko aldendu zen nobela originaletik, eta Kingek zinerako bertsioa gaitzetsi zuen.
Filma, bestalde, klasiko bihurtu zen terrorezko pelikula zaleen artean. Kubrickek argitasunera jo zuen giro itogarri eta beldurgarria sortzeko, terrorezko generoak ohiko diren iluntasun, munstro edo kanpotik datozen mehatxuak saihestuz. Bang Bangen arabera, “beldurra gure baitan dago. Gure familian, gure memorian, gure istorioan eta gizaki egiten gaituen dualtasunean”.
Edward Scissorhands, berriz, 1990ean estreinatu zuen Tim Burtonek. Pelikulak genero asko uztartzen ditu, besteak beste, fantasia eta elementu erromantikoak. Edward fabrikatutako gaztea da, eskuetan artaziak ditu, eta klase ertaineko familia normal eta zoriontsu batek adoptatu du. Edward, baina, familiako alaba Kim-ekin maiteminduko da.
Informazio gehiago: bangbangzinema.com.