Nontzeberri

“Bombástica Naturalis” liburu ilustratuak hainbat sari jaso ditu

Iban Barrenetxeak (Elgoibar, 1973) Bratislavako Biurtekoko ohorezko plaka jasoko du bihar eguerdian, EIEPren (Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala) Bilboko egoitzan.

Barrenetxeak berak ilustraturiko eta idatzitako Bombástica Naturalis (A Buen Paso) liburuari esker jaso du aipaturiko saria. Aurretik, lan berarekin Premis Junceda saria jaso zuen.

Horrez gain, eta aste honetan jakin da 2011ko Euskadi Saria (Ilustrazio alorrean) ere Barrenetxearentzat izan dela liburu beragatik. Lan hau saritzerakoan honako arrazoiak eman dituzte epaimahaikoek: “Ibanen ilustrazioek oso diseinu dotore eta dinamikoa dute, eta akabera preziosista dute argiztapenean eta egituretan; xehetasun txikienez ere arduratu egin da. Testua ezin hobeto harmonizatzen da marrazki zehatz eta zorrotzekin, baina korapilatsua izan gabe. Kolore-sorta (beltzaranak, okreak eta berdeak) landareen munduarekin antzeratzen da eta hantxe hartu du arnasa istorio osoak. Horrela bada, lanak sakondu egingo gaitu oso mundu oniriko eta pertsonalean, irakurlea txunditzeko modukoa; hori guztia, ilustrazioen dinamika landuari esker. Ilustrazio horiek xehetasunez betetako orrialde osoan zabalduko dira jolasti.”

Nazioarteko ilustratzailerik onenen lanak saritzen dituzte Bratislavako Biurtekoan. 1985ean, Asun Balzolak ilustratutako eta Bernando Atxagak idatzitako Txitoen istorioa liburua saritu zuten.

Biurteko horretara, herrialde bakoitzeko erakundeek euren ustez azken bi urteetan argitaratu diren lanik onenak aurkez ditzakete. Galtzagorri argitaletxea OEPLI (Organización Española para el Libro Infantil) erakundearen parte denez, Galtzagorriko kideen lanak haren bidez aurkezten dira. Galtzagorrik aukeratutako hiru ilustratzaileren artean Barrenetxea saritu dute.

Exit mobile version