Ostiraletik igandera bitarte, Getxo & Blues Nazioarteko Blues Jaialdiaren XXIX. edizioa egingo da. Kontzertu nagusiak Algortako Biotz Abesbatza plazan egingo dira, eta hasteko, ostiralean, funk eta soul erritmoak nagusituko dira, Bilboko Priscilla Band eta Madrilgo Freedonia taldeen eskutik.
Jaialdiko hitzordu garrantzitsuena, baina, larunbatean izango da, egun horretan Memphis hiriko Stax soul diskoetxe mitikoan grabatu zuen William Bell (1939; Memphis, Tennessee) musikari handia arituko baita. Getxoko jaialdiaren arabera, “Bellek 1050eko hamarkadaren amaieran hasi zuen bere musika-ibilbidea Del Rios bandaren kide gisa eta, 1960ko hamarkadan, kontratua sinatu zuen Stax Records diskoetxearekin. Beste artista mitiko batzuek ere lan egin zuten diskoetxe horretan, hala nola Otis Redding eta Isaac Hayes”. The Soul of a Bell (1967) da sasoi horretako lanik aipagarriena. Stax diskoetxearentzat hogei lan plazaratu ostean, Mercury zigiluarekin aritu zen, baina iaz, Memphiseko marka berreskuratu zuen, eta This Is Where I Live izenburuko lana argitaratu.
Igandean, azkenik, Music Maker Blues Foundation proiektuaren txanda izango da: “Proiektu berezi bat da; hain zuzen ere, helburu du entzuleak blues musikaren hastapenetara hurbiltzea, ikuskizun original, bizi eta puru baten bidez. Bada, musika estilo horren erroak benetan eta zuhurtasunez islatu nahi ditu”. Getxon, eskarmentu handiko sei musikari arituko dira egitasmoa aurkezten; besteak beste, Percy Sledge, James Brown, B. B. King, Ernie K-Doe, Bo Diddley edo Taj Mahal artistekin aritutako musikariak dira. “Fundazioak antolatzen dituen zuzeneko emanaldiek blues kluben benetako girora eramaten gaituzte. Horietan, hainbat artista aritzen dira bata bestearen atzean, oinarri erritmiko apartarekin”.
Horiez gain, kontzertu txikiagoak ere izango dira, bai eta kaleko bandak ere. Ikus ezazue egitarau osoa hemen: getxo.eus.
