Atzo hasi zen Hondarribia Blues musika jaialdia. Estilo afroamerikarra ardatz duen festibalak igandera arte iraungo du, eta bertatik talde eta artista andana igaroko da. Esaterako, ostegunean, Johnny Winter musikari estatubatuar ezaguna izan zen oholtzan. Gitarra jotzaile albinoak, gainera, saria ere jaso zuen jaialdiaren eskutik. Oraindik gelditzen diren hiru egunetan antolatzaileek hainbat hitzordu atondu dituzte.
Hala, gaur bertan, Chino and the Big Bet taldeak joko du 20:00etan Obispo Plazan. Ordu berean, baina San Pedro kalean, Txus Blues eta Jose Bluefingers izango dira. 21:30ean, berriz, Bentan eszenatokian Deferre, Chris James & Patrick Rynn eta Elvin Bishop arituko dira.
Bihar, halaber, beste hiru zita izango dira. Hasteko, 20:00etan, Shawn Pittmanek joko du Obispo Plazan; ordu berean, Girls Whith Guitars (Dani Wilde, Samantha Fish, Cassie Taylor) hirukoteak joko du formatu akustikoan San Pedro kalean. Kontzertu nagusia, ordea, Bentan eszenatokian izango da, 21:30ean: Txus Blues eta José Bluefingers; The Mannish Boys, eta Lucky Peterson.
Igandean, azkenik, Nico Wayne Toussaint harmonika jotzaileak emanaldia emango du Bentan, 14:00etan. Agertoki horrek, gainera, Raimundo Amador y La Ultima Experiencia musikari ezagunaren ikuskizuna hartuko du, 20:30ean. Eta, bukatzeko, 22:00etan jam session handia egingo dute Hondarribia Crossroads izenburupean.
Aipaturiko emanaldiez gain beste hainbat ekitaldia izango dira, tartean, eguerdi partean egingo dituzten blues barbakoa musikatuak. Egitarauaren xehetasun guztiak hemen.
