Azkue Fundazioak Blogetan! lehiaketako blog finalistak zeintzuk diren iragarri ditu. Guztira, lau ataletan lehiatuko diren hamabi blog hautatu ditu epaimahaiak eta publikoak. Martxoaren 30ean, Euskararen Etxean egingo den Euskal blogarien topaketa-jardunaldian iragarriko dira irabazleak.
Hauexek dira finalistak: Kultura atalean, Ikusi makusi…zer ikusi? , zineari buruzko, “mundu osoko telesailak deskubritzea, bere adikzioa”; Berbaratza, euskararen ingurukoa, “lau neska gaztek sortu duten egitasmoa”; eta, Iparraldeko neska, Castillo Suarezen bloga, Berria egunkarian argitaratua.
Gizarte eta politika kategorian, Etzi pm bloga, Talaios Kooperatibaren proiektua, “eztabaida eta hausnarketa egiteko plataforma da”; Baloreak baloratzen, material didaktikoa, “eskolan baloreak lantzeko hainbat tresna aurki daitezke: bideoak, irudiak, testuak, albisteak, hausnarketarako gaiak…”; eta Hitzak airean, “egilearen inplosio guztien explosioa”.
Aisia alorrean, Taxoareko Hitza, Osasuna futbol taldearen gaurkotasunari buruzkoa; Game Erauntsia, bideo jokoak maite dituen erabiltzaile talde baten lana da, “ komunitate bat sortu da”; eta Kaixomaitia, “Kaixo maitia euskaldunon harremanetarako gunea da”.
Azkenik, Zientzia eta teknologia kategorian, Iparra: Xabier Martinen bloga da, “euskaraz sortzen diren baliabide teknologikoen berri ematen du”; Sarean, PuntuEus Fundazioak abiatutako bloga; eta Naturzalia, Ander Izagirre Egañaren bloga, “natura arloko gaiak jorratzen ditu”.
Guztiak arakatu nahi badituzue, sartu zaitezte Blogetan!