Datorren martxoaren 15ean ehun urte beteko dira Blas de Otero (1916-1979) olerkaria Bilbon jaio zela. Data hori dela eta, gaur goizean Bilboko Udaletxean, Nekane Alonso Kultura zinegotzia eta Blas de Otero Fundazioko kideak, Blas de Otero Fundazioarekin elkarlanean prestatu diren urte osorako kultur jardueren berri eman du.
Ospakizuna borobiltzeko, Andrés Urrutiak itzulitako Historias fingidas y verdaderas lanaren euskarazko edizioa aurkeztu da. Euskaraz Istorioak, alegiazkoak, nahiz egiazkoak izenburuarekin argitaratu da. Lan honetan Sabina de la Cruzen eta 2013an Cervantes Saria lortu zuen Caballero Bonald (Jerez de la Frontera, 1926) poeta andaluziarraren testuak jasotzen dira hitzaurre gisa.
Bestetik, datorren martxoaren 15ean, ekitaldi instituzionala egingo da. Hala, goizeko 11:00tik aurrera poema irakurketa egingo da Egaña kalean, Blas de Otero oroitzen duen bustoa dagoen lekuan, eta lore eskaintza bat ere egingo da.
Egun horretan ere, 19:30etik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, Bernardo Atxaga, Joan Margarit idazleak eta Andres Urrutia bilduko dira, eta bertan, zenbait poema irakurriko dira.
Geroago, maiatzaren 30etik ekainaren 4ra bestelako jardunaldiak egingo dira Bidebarrieta Kulturgunean, eta bertan, Pere Gimferrer, Antonio Sarrión eta Marcos Ana idazleak edo Paco Ibáñez kantautorea egongo dira.
Beste alde batetik, eta Poesiaren Munduko Egunarekin bat etorriz, martxoaren 21ean, Historia (casi) de mi vida lanean oinarrituta dagoen eta Ramon Bareak zuzendu duen antzezlana estreinatuko da Azkuna Zentroaren auditorioan.