Bizkaiko museo eta foru-aretoek aurtengo udarako kultura-eskaintza handia ondu dute, makina bat jarduera, erakusketa eta bisita gidaturekin.
Kultur programa horretaz Muñatones Gazteluan (Muskiz), El Pobaleko Burdinolan (Muskiz), La Encartada Fabrika-Museoan (Balmaseda), Arrantzaleen Museoan (Bermeo), Euskal Herria Museoan (Gernika-Lumo), Txakolin Museoan (Bakio), Omako Basoan (Kortezubi). Rekalde Aretoan (Bilbo), Ondare Aretoan (Bilbo) eta Arkeologia Museoan (Bilbo) gozatu ahalko da.
Adibidez, Muñatones Gazteluak bisita gidatuak eskainiko ditu udako igande guztietan, irailaren 7ra arte. Bisitariek” Bizkaiko Erdi Aroko gotorlekurik garatuena ezagutuko dute, leinu-gerretako testuinguru historikoan, Bizkaiko lehen historialari Lope Gartzea Salazarren eta beste batzuen bizitzarekin batera”. El Pobaleko Burdinolan burdina lantzeko prozesua zein den jakiteko bisita egin daiteke. La Encartada Fabrika-Museoak (Balmaseda), uztailean, bi hitzordu oso berezi eskainiko ditu.
Bilbon, Arkeologia Museoak Arkeouda izeneko kanpamentuak antolatzen ditu haurrentzat. Gainera, museoak Arkeologia egun batez izeneko familia-tailerrak eskainiko ditu uztaileko eta abuztuko igandeetan.
Rekalde Aretoan, Bilbon, Juan Carlos Eguillor izeneko erakusketa dago ikusgai irailaren 28ra arte. Erakusketa dela eta, Garikoitz Fraga Angoitiarekin topaketak antolatu dira, uztailaren 22an, 11:30ean, Eguillorren figura eta ondare artistikoan sakontzeko aukera eskainiz.
Ondare aretoak Akuarelaren Nazioarteko Erakusketa izango du, eta Arrantzaleen Museoan, Bermeon, Emakume zamaketariak. Ikusarazi beharreko lanbidea erakusketaz goza daiteke. Bertan, abuztuaren 28an eta 29an, EHUren udako ikastaroa izango da, Literatura eta Nazioa izenburupean, Laida taldeak Gabriel Arestiren omenez 50. heriotza-urteurrenean antolatua.
Gernika-Lumoko Euskal Herria museoan, uztaileko asteazkenetan, solasaldiak antolatu dituzte. Parte-hartzaileek lorategira ateratzeko eta euskal ondarea ezagutzeko aukera izango dute. Azkenik, uztailean eta abuztuan, Txakolin Museoak Uribeko koloreak izeneko bisita gidatua eskainiko du.
Jarduerei buruzko informazio guztia hemen dago.