BESTELAKOAK

Bizkaiko museoek makina bat jarduera antolatuko dituzte urte honetarako

Bizkaiko Foru Aldundiak  museoen eta foru aretoen jardueren programa zabala ondu du 2021erako. Proposamenek (200 baino gehiago) kalitatea, aniztasuna, irisgarritasuna eta entretenimendua izango dute ezer baino lehen.

Museoen sareak egunero proposatzen duen eskaintza kultural handia ikusarazteko eta kultura eta lurraldearen ondarea, historia eta nortasuna herritarren eskura jartzeko, Bilboko Arkeologi Museoak, Bermeoko Arrantzaleen Museoak, Muskizko Muñatones gazteluak, aurten 30. urteurrena ospatzen duen Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak, Muskizko El Pobal burdinolak, Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoak, Bakioko Txakolinguneak, Kortezubiko Santimamiñeko kobazuloak, Bilboko Ondare Aretoak eta Rekalde Aretoak 200 jarduera baino gehiago egingo dituzte 2021ean, tartean erakusketak, bisitaldi gidatuak, gaikako bisitak eta bisita antzeztuak, erakustaldiak, topaketak artistekin, tailerrak, hitzaldiak, ondare-ibilbideak, ikus-entzunezkoen proiekzioak eta kontzertuak.

Proposamenak publiko guztientzat ondu dira, eta eskola-eremura zuzendutako hezkuntza-eskaintza zabala ere egongo da, azken hauentzat hamar ekimen berri baino gehiago sortu dira eta.

Jarduera aipagarrien artean honakoak dituzue: Bilboko Arkeologi Museoak Erraldoien bizkar gainean: euskal arkeologiaren historia erakusketa ireki berri du; Bermeoko Arrantzaleen Museoak Acurio eta Elcano 1519-1522. Bizkaitarrak lehen munduko biran erakusketa;  Gernikako Euskal Herria Museoak, Hemingway & Euskal Herria aldi baterako erakusketa; El Pobal burdinolak eta Muñatones gazteluak, beste alde batetik, euren ikerketa-arloetan erreferente diren emakumeek gidatutako hitzaldiak eskaintzen dituzte; eta Rekalde Aretoak 30 urte bete dituen honetan erakusketa bi eskainiko ditu, eta horien artean Agustin Ibarrola. Naturalki eta Ertibil Bizkaia erakusketa.

Jarduera guztiak hemen kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button