Bizkaiko Foru Aldundiak topaketak antolatu ditu Euskararen Legeak 40 urte bete dituen egunaren baitan, Bizkaiko euskararen arloko eragileekin. Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak ireki ditu Bizkaia Frontoian egin diren topaketak. Topaketa hauen edizio gehiago egongo dira datozen hileetan.
Bizkaiko Foru Aldundiak euskararen arloko 100 kide baino gehiago bildu ditu topaketetan, eta euskararen egoerari buruzko iritziak eta gogoetak partekatu dituzte. Horrez gain, etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta lankidetzarako aukerak aztertzeko estrategiei buruzko hausnarketa egin dute. Hala, topaketaren helburu nagusiak izan dira Bizkaian euskararen erabilera sustatzeko garrantzitsuak izango diren lan-ildoak zehaztea eta euskararen egoera eta beharrak aztertzea.
Lorea Bilbao diputatuak nabarmendu duenez, “Eta Euskararen Legeak, orain 40 urte izan zuen adostasun zabal haren oinordeko, nahiko genuke gaur ere, Bizkaian modu batera edo bestera, arlo batetik edo bestetik euskalgintza osotzen dugun guztion irudi bateratu bat izatea, konplizitateak eta adostasunak sendotu eta norabide berean batzea Bizkaian euskaraz ari garenon hiztun-komunitatea indartsuago gura dugu. Bateratasun irudia gurako genuke gaurko topaketetan”.
Diputatuak datozen urteetako hizkuntza politikak ondo zehaztu behar direla adierazi du eta “lortutakoa, ondo egindakoa, mantendu eta euskara hiztunok geureganatu ditugun aukerak sendotu eta baliatu beharra dugu”. Hala, “argi izan behar dugu hamarkada guzti hauetan egindakoa, zerk bultzatu dauan jendea euskarara hurbiltzen eta euskaraz egiten, zein izan den erakundeak euskalduntzeko gakoa, zertan asmatu dugun eta zergatik, baina baita be jakin behar dugu zer aldatu den, zeintzuk diren egungo gizartearen ezaugarriak, eta datorrena edo etorri daitekeena aurreikusi, aurrea hartu eta datorrenerako prest egon. Bestela ez bakarrik aurrera ez egiteko arriskua, atzera egiteko arriskua be egongo litzateke eta” gehitu du Bilbaok.