Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2014 martxan da eta abendura arte ibilbidea edukiko du.
Lehenengo fasean, Eskualdeetako Bertsolari Txapelketak jokatuko dira (denera zortzi eskualde daude), eskualdez eskualde, bakoitzean txapeldun bana izendatu arte.
Maiatzean jokatuko dira final denak. Baina finaletara heldu orduko, eskualdeetako kanporaketak jokatuko dira, tokian tokikoak.
Hego Uribeko bertsolariak izan dira kantatzen lehenengoak. Bestetik, Uribe Butroekoak be goiztiarrak izan dira. Barikuan, apirilaren 11n, jokatu dute lehenengo kanporaketa Gamiz-Fikan, Fikako txokoan.
Hurrengo kanporaketa guztiak udaberriko oporren ostean jokatuko dira, maiatzeko eskualdeetako finaletara heldu arte.
Hala, Arratiako finala, maiatzaren 4an izango da, Igorreko Lasarte aretoan, 17:30ean; Busturialdekoa, maiatzaren 10ean, Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan, ordu berean; Durangaldekoa, maiatzaren 18an, Berrizko kultur etxean, 17:30ean; Enkarterri-Ezkerraldekoa, maiatzaren 31an, Zallan, Zine antzokian, 17:30ean; Hego Uribekoa, maiatzaren 3an, Bilboko Hika Ateneo antzokian, 17:30ean; Lea-Artibaikoa, maiatzaren 17an, Ziortza-Bolibarko frontoian, 17:30ean; Uribe Butroekoa, maiatzaren 11n, Zamudion; eta Uribe Kostakoa, maiatzaren 24an, Algortako Fadura kiroldegiko aretoan, 17:30ean.